DBH-KO BARATZEKO BARAZKIAK, ELKARTASUN KEINU

  • 2021_05_10 |

Esker oneko hitz eta begiradak eskaintzen dizkigu Puente Altoko harrera-etxeko Victorrek gure ikasleek landutako barazkiz betetako kutxak jasotzen dituen bakoitzean. Hau da hain justu, dibertsifikazio mintegiak zuzendutako eskola-baratzearen helburuetako bat, elikagaiak sortu behar handiena dutenei eskaintzeko eta bidez batez, beraien errealitate gordina ezagutzeko.
Egia esan, DBHko ortua ikusgarri dago. Iaz prestaketa lanak egin eta gero, aurtengo ikasturte honetan hasi dira ikasleak bertan lanean jo eta su, 3F eta 4F-koak nagusiki.
Lehenengo barazkiak irailean eta urrian landatu genituen eta otsailetik ari gara egindako lan horren fruituak jasotzen: azalore, brokoli, eskarola, porru, borraja, espinaka, zarba, aza, perrexil…. Bete-betea eta ederra dago baratza eta laster jasoko ditugun ilar, baba eta tipuliñak ere badoaz indarra hartzen. 
Harri eta zur utzi gintuen Victorrek Puente Altoko proiektuaren berri emandakoan eta bertan jan eta lo egiten dutenen egoera sozial eta pertsonal larriak ezagutu genituenean. Bertatik bertara ditugun errealitateak dira baina erabat ezkutatuak daude eta argitara atera behar dira, gure errealitate hurbilenaren parte ere badira eta.