Ikasbidea Ikastolan, ikasgai ezberdinetan nahiz ikasgaien artean, hainbat proiektu didaktiko aurrera eramaten ditugu, eta askotan gela arrunta ez da ingurune egokiena.  

IkasLabek ikasgela arruntetan gauzatu ezin ditugun sorkuntza jarduerak ahalbidetzeko espazio bezala balioko digu, hainbat baliabide osagarriz hornituta egongo delako eta ingurune moldagarri, atsegin eta sortzaile bat izango delako.

Bi IkasLab gela ditugu:

  • IkasLab nagusia DBHko eraikinean

  • IkasLab txikia LHko eraikinean

IkasLaben bidez ikaste prozesuetan metodologia aktiboak eta teknologiaren erabilera esanguratsua erabiliz gure hezkuntza jarduna hobetzeko aukera eskaini nahi da. 

Etorkizuneko ikasgelaren ereduak hainbat eremutako metodologia, teknologia eta jarduerak uztartzen ditu.

Ikaskuntzarako espazio malguen bidez  espazioaren beste antolaketa bat proposatzen du, ikasleen trebetasunak garatzeko edukiak eskuratzeaz haratago.  Horrela, ikaskuntza zonifikatu bat aurkezten du, eremu edo txokotan banatuta: Ikertu, Elkarreragin, Trukatu, Garatu, Sortu eta Aurkeztu. Espazio irekiek eta altzari moldakorrek, ordea, kontzeptu zonifikatu hori leku malgu bihurtzen dute, azkar berkonfiguratu baitaiteke taldeka, bikoteka edo banaka lan egin ahal izateko beharraren arabera. Horien helburua irakatsi eta ikasteko prozesuak bultzatu eta estimulatzea da, ikaslea prozesu osoaren protagonista bihurtuz. 


Gure bi IkasLabak itxuraz, tamainaz eta ekipamenduz ezberdinak badira ere, hainbat gauza dituzte amankomunean. Lehenbizikoa ingurune hezigarrien oinarrizko baldintza eta altzarien disposizioaren malgutasuna da. Bertako altzari guztiak modularrak, mugikorrak edo eta pilagarriak dira aurrera eramaten ari garen jarduerari eskatuko digun espazio antolaketa eman ahal izateko. Bigarena biek lau prozesu hauek ahalbidetuko dituzten guneak dituztela da:

 

 Ikertu: bilatu, aztertu, zalantzan jarri 

  Ikertu gunea ikasleek bakarka, bikoteka edota taldeka autonomiaz jarduteko espazioa da. Honetan, ikasleek arazo desberdinei erantzuteko euren ibilbide propioak sortzen hasteko aukerak izan behar dituzte. Gune moldagarri hau aproposa izan behar da Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza (AOI) edota Ikerketan Oinarritutako Ikaskuntza (IOI) erabiltzeko, besteak beste. 

 

 Komunikatu: informatu, entzun, partekatu, azaldu 

 

  Komunikatu gunea talde handira zuzentzeko eta hartu emana eta entzumen aktiboa sustatzeko espazioa da. Irakasle edota agente hezitzialeen kasuan, espazioak bermatu behar ditu ikasleekiko gertutasuna eta parte hartzea. Ikasleek, ordea, hezkuntza jardueretan garatutako jakintzak eta sortutako produktuak konpartitzeko aukera izan behar dute. Gainera, elkarbanatze ariketa horiek aurkezpen ortodoxoetatik haratago joan behar dute, eta interaktibitatea, entzumen aktiboa eta feedbacka egon behar dira oso presente.

 

 SORTU: PLANIFIKATU, DISEINATU, MANIPULATU, EKOIZTU, EDITATU

  Ikasleek gune honetan haien ikaskuntza prozesuan zehar landutako eta garatutako jakintzak haiek eurek sortutako produktu baten bitartez islatzeko aukera izan behar dute. Hots, SORTU analisien, sintesien eta ebaluazioen ondorioa izango den jakintzaren sorkuntzarako gunea da; testuinguru esanguratsu batean ikasleak sortzaile, egile edo maker bihurtuz. Horretarako, gune honetan ikasleek haien irudimena erabili beharko dute euren lana planifikatzeko, diseinatzeko, sortzeko eta hori dena talde lanean eta harreman desberdinak garatuz lantzeko.

 

 PENTSATU: METAKOGNIZIOA, AUTOERREGULAZIOA

PENTSATU gunea ez da espazio fisiko bat, gelan toki propio bat hartzen duena; beste gune guztietan zeharka agertzen eta eragiten duen eta gune guztiak elkar lotzen dituen espazio transbertsala baizik.

   Gune honen elementu zentrala metakognizioa izango da. Hots, gune honen bitartez ikasleak euren ikas-prozesuen eta prozesu kognitiboen jabe egin behar dira, haien abilezi kognitiboak ezagutuz eta horiek doituz eta erregulatuz helburuak lortzeko. PENTSATUk ikas-irakas prozesuaren momentu guztietan egon behar du, ikasleek euren indargune eta ahulguneak ezagutu ditzaten, baita ikaskuntzarako pentsamendu estrategiak identifikatu eta martxan jarri eta lan edo egoera desberdinei ekiteko erabaki arduratsuak har ditzaten. Azkenik, aipatu beharra dago gune honek aukera handiak sortuko dituela ikasleen autoerregulazioan eta ikas-irakasprozesuen ebaluazioan.