Bideberria eta Ikasbidea elkarrekin!
2023_02_09
Urtarrilaren 13a egun berezia izan zen Ikasbideko 4. DBHko ikasleentzat. Bideberriako (Gasteizko Inoren Kargura ez dauden Adingabeen Zentroa) begiraleek eta gazteek bisitatu gintuzten. Aurretik gure ikasleek euskara ikasgaian Miñan liburua irakurri zuten eta hortaz, migrazio prozesuaren testigantza idatzia ezagutu zuten. Baina urtarrilaren 13an esperientzia gertuagokoa eta sakonagoa bizi izan zuten. Dinamika praktikoen bidez, jolas dibertigarrien bidez testigantza gogor eta ausarten bidez, eta etxean egindako bizkotxoen bidez, ikasleak eta Bideberriako gazteak gehiago hurbildu eta inpresioak, sentimenduak eta esperientziak gurutzatu ahal izan zituzten. Asmoa zen urrun diruditen baina Gasteizen elkarrekin bizi diren eta elkar aberastu dezaketen bi errealitate hauek elkar hurbiltzea. Horretan zerbait lagundu izana espero dugu eta gure ikasleen eta Bideberriko gazteen arteko topaketak errazteko aukerak jorrantzen jarraituko dugu! Eskerrik asko, Bideberriko lagunak!!!
Esgrima tailerrak LH 2. mailan
2023_2_3
Pasaden asteetan CEGA esgrima klubeko hiru kideak (Gorka, Aitor eta Beñat) ikastolara etorri ziren, LH 2. mailakoak, esgrima gehiago ezagutzeko aukera izateko.
Lehiaketak nolakoak diren erakutsi ziguten, ezpata nola berotzen eta erabiltzen den eta benetazko materiala ikusteko eta frogatzeko aukera izan genuen. Oso gustura ibili ginen eta asko ikasi genuen.
Ate irekiak
2023_01_10
Familia agurgarriak, aurten berriz ere ate irekien jardunaldia egitea erabaki dugu. Bi data hautatu dira; otsailaren 4a 11:00-etan Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzarako eta urtarrilaren 28a goizeko 11:00-etan, berriz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako. Matrikulazioaren inguruko informazioa emango da eta galdera eta zalantza guztiak argituko dira. Halaber, Duranako eraikinak eta ikasgelak ere ikusteko aukera egongo da. JARDUNALDI HONETARAKO TXANDA HAR DEZAKEZUE FORMULARIO HONEN BIDEZ. Otsailaren 6an, arratsaldeko 17:00etan ikastolako bi urteko gelak ikusi ahal izango dira, ikasgelak Cándido Ruiz de Garibay ikastetxean daude, Zaramaga auzoan, Azazeta Mendatea kalea 6. Egun horretan eraikinaren bisita besterik ez da egingo eta ez da informaziorik emango.
Azken eskola eguna
2022_12_23
Abenduaren 23-a egun berezia izan da Ikasbidea Ikastolako HH eta LH-ko ikasleentzat. Urtero bezala euskal giroan murgilduta ekintza berezietaz gozatzeko aukera izan dute.
Haur Hezkuntzako ikasleek Maridomingi eta Olentzeroren bisita jaso dute eta ondoren gaztain erre goxoak daztatzeko aukera izan dute.
Lehen Hezkuntzako 4. 5. eta 6. mailako ikasleek 3.2. eta 1go mailetako euren kideentzako tailer ezberdinak prestatu dituzte (aurpegi margoketa, eskulanak, dantzak, abestiak...). Ondoren tradiziozko txistorra ogitartekoa jan duten bitartean Maridomingi eta Olentzerok opariak geletan utzi dizkiete iñor konturatu gabe eta eguna amaitzeko gabon kantak abestu dituzte eskola atarian denok elkarrekin.
Orain oporretaz disfrutatzea tokatzen da!!
Olentzero eta Maridomingi Iturriberokoekin
2022_12_23
Urtero bezala abenduaren 18an Iturribero Mendi Taldean Olentzero eta Maridomingiren bisita jaso zuen. Lehenbizi Albertia mendira igo ziren mendizaleak eta bertan, gabon kantak abestu zituzten. Ondoren, eskolara jaitsi eta bertan Mari Domingi eta Olentzero agertu ziren eta haurrekin egoteko aukera izan zuten. Azkenik guztiontzako hamaiketako ederraz gozatu zuten.
Euskararen eguna Ikasbidean
2022_12_16
Aurten abenduaren 3a, Euskararen eguna, larunbata izan dela kontuan hartuta, bezperan, 2an ospatu dugu Euskararen eguna ikastolan. Ohitura bihurtu dugun legez, Dantza-Plazan jardun genuen lehenengo, ikastolako patio zabalean maila ezberdinak elkarrekin batuz, 6 ikasle eta 2 irakasle gidari izan genituelarik.
BHkoen eta batxilergokoen kasuan, Egunean Behin lehiaketa eredu hartuz, Kahoot bat antolatu genuen euskal kulturako galderekin hornitua. Gela bakoitzean garaile atera zenak liburutegian finala jokatzeko aukera izan zuen. Azkenean, DBH 4Dko Garazi Vivas eta batxi 1Bko Edurne Ezpeleta atera ziren garaile.
Euskara Batzordeko ikasleek bideo eder bat ere egin zuten. Bertan, ikastolako kide ezberdinek euskararekin izandako bizipenen berri ematen zuten. Horrek bide eman zigun pertsona bakoitzak euskararekin dugun harremanaren gainean hausnarketa egiteko.
Ekintzaileak Arabako Teknologia Parkean
2022_12_02
Abenduaren 2an 4DBH-ko Ekonomia eta Enpresako ikasleak Miñaoko Parke teknologikoan egon ginen BIC Arabak antolatzen duen Ekintzailetzaren inguruko tailer batetan parte hartuz. Talde dinamika ezberdinak eginez eta adituen hitzak entzunda, han ikasitakoak egunerokotasunean aplikatuz, aurrera egingo dugunaren zalantzarik ez dago.
Euskaraldia Ikasbidea Ikastolan, abenduraren 2an
NOIZ: ABENDUAREN 2AN
Programa:
17:30-18:30 IRRIEN LAGUNAK (LH-KO ARETOAN)
Tiritatxo eta Martinber Tiritatxoren kontsultan sartzen dira.
Bapatean,Tiritatxoren mahai gainean gutun bat ikusten dute. Norena ote da?...
Abestiak, umorea eta partehartzea ez dira faltako!
Izen-ematea honako estekan: https://forms.gle/1vt7oH97fq1D1AVc8
17:30-18:30 EZ IEZAIOZU EUSKARARI SCAPE (LH2-LH6 bitarteko umeentzat)
Ikastolako polikiroldegian
Izen-ematea honako estekan: https://forms.gle/U1fADV1oqkerSaDi6
18:30ETATIK AURRERA (frontoian) aHOBIZI eta belarriprest TXOKOLATADA
19:00-20:30 POLIKIROLDEGIAN Musika Joxe Mendizalbalen ESKUTIK
Reutilizagune
2022_11_25
Reutilizagune ibiltariak Santa Barbara plaza eta Bastiturriko pergola bisitatuko ditu asteburu honetan jostailu eta liburuekin
Ikasbidea ikastolako ikasleak ekimenean inplikatu dira eta beren eskola-komunitatean bildu dituzten jostailuak banatuko dituzte ostiralean
Reutilizagune ibiltariak Santa Barbara plaza eta Bastiturriko pergola bisitatuko ditu asteburu honetan jostailu eta liburuekin. Ekimen honen bidez, Reutilizagune hiriko hainbat auzotara hurbildu nahi da, herritarrek utzitako objektuak doan jaso eta berrerabil ditzaten.
Santa Barbara plazan, ostiralean, 12:00etatik 20:00etara, Reutilizaguneren bertsio ibiltaria izango da. Oraingoan, biltegian dauden hainbat artikuluri bigarren bizitza bat ematen saiatuko dira: jostailuak, liburuak, etxeko artikulu txikiak, kirol-materiala… Oraingo honetan, Ikasbidea ikastolako ikasleen inplikazioa izango du Reutiliagunek, eta eskola-komunitatearen artean jaso dituzten jostailuak banatuko dituzte, bizitza berri bat emateko.
Bastiturriko pergolan izango da larunbatean Reutiliaguneren bilketa gunea. Oraingoan, gordailuko apaletan dauden liburuei bigarren bizitza bat ematen saiatuko dira. Ordutegia 09:00etatik 15:00etara izango da.