Haur Hezkuntza, ezaugarri berezi eta identitate propioa duen oinarrizko etapa da. Urte hauetan, haurrak, jaiotzen denetik hasten duen ikasketa prozesu garrantzitsuari ekingo dio eskolan. Beragan konfiantza osoa jarrita, ibilbide horretan, hezitzaileak bidelagun izango ditu.
Eskolako esparrua eta haurraren hurbileko gainontzeko esparruak uztartzea ezinbestekoa da. Familia eta eskolaren arteko harremanak parekoa eta baikorra izan behar du. Hau, kohezkuntzarako ezinbesteko baldintza da, umearen ongizatea bermatu eta bere garapen integralean laguntzeko.
Haur bakoitza, bakarra eta errepika ezina da, ezaugarri pertsonal partikularrak, ingurune sozial, kultural eta fisiko konkretuak eta bizipen propioak dituena. Guzti hau ulertuta, ume bakoitzak modu aktiboan, bere ikaskuntza prozesu propioa egingo duela sinisten dugu. Haurrak, ibilbide honetan zehar, sormenez eta protagonista izanik, aipatu ikuskera pedagogikoa duten helduek eskainitako espazio, material, denbora eta "akonpainamenduarekin", autonomiaz mugituz, behatuz, esploratuz, ikertuz, aztertuz eta esperimentatuz, hau da, jolastuz, eskola bizitzarako eta orohar gizarte bizitzarako konpetentziak garatuko ditu.