Ikastetxeetako teknologia-heldutasunaren eredua

TIC Formación del profesorado

 

Ezagutzaren gizarte berriak eta Informazio eta Komunikazio Teknologien zabalkuntzak erabateko aldaketa eragin dute pertsonen prestakuntza-premietan, eta aldaketa horrek ondorioak izan behar ditu prestakuntza-premiei erantzuteko ardura duen hezkuntza-prozesuan: IKTak hezkuntza iraunkorraren giltzarrizko baliabide dira, bai ikasleen, bai irakasleen, bai familien prestakuntzan.

Helburua da, batetik, hezkuntzan parte hartzen duten eragileek baliabide digitalei probetxu guztia ateratzea, eta, bestetik, herritarrak gaitzea, IKTak ikastetxeen irakas-, administrazio-, informazio- eta komunikazio-prozesuetan erabiltzea sustatuz, eta ekintza guztien arteko koordinazioa eta koherentzia bermatuz.

Honako dokumentu hauek Ikastetxeetako teknologia-heldutasunaren eredua deskribatzen dute, oso-osorik, hezkuntza-etapa eta ikastetxe-mota bakoitzak dituen berezitasunak aintzat hartuta.

-Ikastetxeetako teknologia-heldutasunaren eredua.

-Adierazleen eta ebidentzien taula.

-1.maila lortzeko adierazle eta ebidentzien taula (gaztelaniaz soilik).


Gaitasun digitalak

Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen Dekretuaren arabera (236/2015 DEKRETUA, abenduaren 22koa,), gaitasun digitalak ondorengo definizioa eta ezaugarriak ditu:

DEFINIZIOA:

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu sortzaile, kritiko, eraginkor eta seguru batez erabiltzea, ikasteko, aisiarako, inklusiorako eta gizartean parte hartzeko.

Honako elementu hauek landu behar dira konpetentzia digitala egoki garatzeko:


Informazioa: informazioa bilatzeko eta Interneten nabigatzeko estrategia ugari erabiltzeko gai izan behar du norberak, eta jasotako informazioa irazten eta kudeatzen jakin behar da. Horrez gai­nera, sarean informazioa partekatzeko guneetan nori jarraitu jakin behar da, kritikoa izan behar da aurkitutako informazioarekin, eta informazio horren baliozkotasuna eta sinesgarritasuna egiaztatu behar da.
Artxiboak, edukiak eta informazioa gordetzen eta etiketatzen jakin behar da, zehaztuta izan behar ditu norberak haiek biltegiratzeko estrategiak, eta gordetako informazioa eta edukiak berres­kuratzen eta kudeatzen jakin behar da.

 
Komunikazioa: linean komunikatzeko tresna sorta zabala erabili behar da (mezu elektronikoak, txatak, SMSak, berehalako mezularitza, blogak, mikroblogak, foroak, wikiak); hau da, norberaren asmoari hobekien erantzuten dioten komunikazio digitaleko moduak eta modalitateak hautatzen jakin behar da. Finean, gai izan behar du norberak jasotako komunikazio motak kudeatzeko eta hartzailearen arabera egokitzeko komunikazioko erak eta modalitateak.
Horrez gainera, teknologia hainbat zerbitzurekin (esaterako, lineako komunitateekin, gobernua­rekin, ospitaleekin eta osasun-etxeekin, banketxeekin eta beste askorekin) elkarreragiteko erabil daitekeela jakin behar da, eta sare sozialetan eta lineako komunitateetan nola parte hartzen den jakin behar da, ezagutzak, edukiak eta informazioa partekatzeko. Horiek guztiak egiteko, sareko etiketa-arauak ulertu behar dira, eta arau horiek norberaren testuingurura aplikatzeko gauza izan behar da, nork bere nortasun digitala sor dezan.
Era berean, hainbat tresna digital eta zenbait baliabide maiztasunez eta konfiantzaz erabiltzeko gai izan behar du norberak, beste pertsona batzuekin elkarlanean aritzeko, baliabideak, ezagutzak eta edukiak ekoizten eta eskuragarri jartzen.

Edukiak sortzea: askotariko formatu, plataforma eta ingurunetan eduki digitalak sortzeko gai izan behar du norberak, eta tresna digitalak erabiltzen jakin behar da produktu multimedia ori­jinalak sortzeko eta lehendik dauden edukiak uztartu eta eduki berriak sortzeko; eta hori guztia egin behar da jakinda nola aplikatzen diren (zer erabilera eta erreferentzia duten) informazioei eta baliabideei dagozkien lizentziak.
Horrekin batera, programazioaren printzipioak ulertu behar dira eta programa baten oinarrian zer dagoen jakin behar da, programa informatikoetan, aplikazioetan eta gailuen konfigurazioetan aldaketak egiteko.

Segurtasuna: sareko arriskuak eta mehatxuak ulertu behar dira, eta norberaren gailu digitalak babesten eta segurtasun-estrategiak eguneratzen jakin behar da.
Era berean, pribatutasunarekin lotutako gaiak aintzat hartuta eta datuak nola biltzen eta era­biltzen diren kontuan hartuta, jakin behar da nork bere burua mehatxuen, iruzurren eta jazarpen zibernetikoen aurrean babesten, norberaren datuak ganoraz gordeta eta besteen pribatutasuna errespetatuta.
Era berean, teknologien erabilerak dakartzan osasun-arriskuak ulertu behar dira; alde horreta­tik, ergonomiaren alderdiak landu behar dira, eta bereziki nabarmendu behar da informazioaren teknologien gehiegizko erabilerak asaldatu egin ditzakeela banakoaren portaera eta bizikidetza, eta mendekotasuna eragin dezakeela. Horrez gain, teknologiaren erabilerak ingurumenarekiko dituen alderdi onuragarriak eta kaltegarriak azpimarratu behar dira.

Arazoak konpontzea: gerta daitezkeen arazo tekniko errazak hautematea eta horiek konpon­tzeko gauza izatea dakar dimentsio honek.
Era berean, gai izan behar da beharrizan teknologikoak aztertu, ezarritako helburuari dagokion tresna egokia aukeratu eta atazak ebazteko, eta hori guztia balizko irtenbideak eta tresna digitalak modu kritikoan ebaluatuta egin behar da.
Teknologia digitalak erabiltzeko gauza izan behar du norberak, produktu berritzaile-sortzaileak egiteko eta arazo kontzeptualak konpontzeko, bai banaka, bai lankidetzan.
Azkenik, konpetentzia digitala hobetzeko eta eguneratzeko zer premia dituen jakin behar du norberak, bizi-esparruen erronka berriei aurre egite aldera.